Abagune hau baliatu nahi dugu parte hartzaile guztiei, hau da, hezkuntzako komunitate osoari —ikastetxeetako zuzendariak eta irakasleak barne—, familiei eta nerabeei eskerrak emateko, UPRIGHT proiektuari egin dioten ekarpenagatik.
GUZTIOK EGITEN DUZUE UPRIGHT POSIBLE.
Eskerrik asko proiektuan parte hartzeagatik eta proiektuari eman diozuen harrera onagatik. 2018-2019 ikasturtean zehar, proiektuaren lehen fasean parte hartu duten familiek euren iritzia helarazi digute eta, besteak beste, honelako hitzak entzun ditugu: “Elkar ulertzea lortu dugu” eta “Ikuspegia zabaltzeko balio duen programa bat da”. Zuen iruzkinek —horiek eta beste askoak— lan egiten jarraitzera animatzen gaituzte.
UPRIGHT proiektuaren 2019-2020 ikasturtea ikastetxeetara iristeko gogotsu gaude.
Lehen buletin honen bidez proiektuaren lehenengo hemezortzi hilabeteen balantzea egin nahi dugu. Izan ere, gauza asko gertatu dira 2018ko urtarrilean Bilbon bilera egin genuenetik.
Erresilientzia lantzea oso garrantzitsua da nerabeentzat, izan ere, egoera zailei aurre egiten eta adimen-osasun ona izaten laguntzen die. UPRIGHT proiektuan eskola-ikuspuntu berritzailea eta integrala erabiltzen dugu, nerabeak, familiak eta eskola-erkidegoa inplikatuz, hartara, erresilientzia-gaitasunak hobetzearen bitartez osasun mental positiboaren kultura bat sortzeko. Proiektuan parte hartzen duten ikastetxeetako zuzendarietako baten arabera: “Eskoletan horrelako programa bat behar dugu erresilientzia eta adimen-ongizatea areagotzeko”.
Nerabezaroa funtsezko aroa da heldutasuneko adimen-ongizatearen eta garapen osasuntsuaren oinarriak ezartzeko. Nerabeek bizitzan arrakasta izateko presioa sentitzen dute, eta esku-hartze prebentiboak funtsezkoak dira gero eta ugariagoak diren nahasmendu mentalei aurre egiteko.
Era berean, UPRIGHTek ikastetxeetako osasun mentalaren egungo egoeraren inguruko ezagutzak sakontzeko balioko duela espero dugu; horretarako, nerabeengan, irakasleengan eta familiengan zentratuko da. UPRIGHT programa hainbat ikuspuntutatik ebaluatuko da: osasun mentala, erresilientzia, ongizatea eta bizi-kalitatea. Parte-hartzaile guztiek (ikasleek, irakasleek eta familiek) programa honen eragina ebaluatzen lagunduko dute, galdetegiak erantzunez. Erantzun guztiak konfidentzialak izango dira.
Formakuntzak, oro har, arrakasta izan du eta harrera ona izaten ari da irakasleen, ikasleen eta ikastetxeetako profesionalen aldetik. Programa hau gauzatzen ari diren Europako eskualde guztietan irakasleen eta ikastetxetako langileen parte-hartze oso altua egon da, zehazki, 290 irakaslek parte hartu dute lehenengo ezarpen-fasean. Zinez motibatuta eta baikor daude prestakuntzarekin eta programarekin, eta interes handiz espero ditugu 2019-2020 ikasturteak ekarriko dizkigu emaitzak. “UPRIGHT proiektuak ikastetxean bizi ditugun egoera zailei aurre egiteko irtenbideak eskaintzen dizkigu” esan zuen irakasleetako batek eta “Programak segurtasun-sentsazioa ematen digu”, adierazi zuen ikastetxeko beste profesional batek.
Programa bolo-bolo dabil, eta beste ikastetxe batzuetako eskariak jaso ditugu euren ikastetxeetan UPRIGHT programa ezar dezaketen jakiteko. Momentuz posible ez den arren, ebaluazio-prozesu aleatorio eta konplexu bat behar duen ikerketa proiektu bat delako, behin eraginkorra dela egiaztatzen denean, programa hori ikastetxe guztientzat eskuragarri egongo da doan.
2018-2019 ikasturtean jarri zen martxan Europako bost eskualde pilotutan. Ordutik, UPRIGHT familia sortu dugu, 2.200 nerabe eta 1.800 familia baino gehiagorekin!
Hala eta guztiz ere, 2019-2020 ikasturtean ere familien laguntza beharko dugu gure helburua lortzeko: 6.000 nerabe eta 6.000 familia. Horiek horrela, DBHko 1. mailako familiak proiektuan parte hartzera animatu nahi ditugu (parte hartzeko baimena emanez), baita DBHko 2. mailakoak ere, helaraziko dizkiegun galdetegiak erantzun ditzaten. Horrez gain, baimena eskatzen dizuegu zuen seme-alabek edo ardurapenean dauden adingabeek proiektuan parte har dezaten.
Kontrol-eskolak (UPRIGHT programa jasoko ez duten eskolak) ezinbestekoak ditugu proiektuaren ebaluazioa egin ahal izateko. Kalitatezko ikerketa azterlanetan, eginkizun nagusietako bat honako hau izaten da: interbentzioa (kasu honetan ongizatea eta erresilientzia sustatzeko programa) eraginkorra izan ote den jakitea. Horretarako, kontrol-eskoletatik jasotako datuekin alderatu behar dira. Kontrol-eskola gisa parte hartzeak ez dizue denbora asko kenduko eta nerabeen osasun mentalaren eta ongizatearen inguruko ezagutza zabaltzen lagunduko duzue. Datu horien bidez komunitate zientifikoak eta gobernuak erabakiak hartu ahal izango dituzte, programak eragina ote duen erabakitzeko eta ikastetxeetan adimen-osasun positiboaren kultura sortzeko erabilgarria izan daitekeen jakiteko.
Ongizatea GUZTIONTZAT fase intentsiboaren baitan (2019-2020), ikastetxe guztietan egingo dira jarduerak. Ikastetxeko langile guztiak, haurrak eta nerabeak, familiak, auzotarrak eta erkidegoa, oro har, parte hartzera gonbidatuak izango dira. Ongizatearen kultura bat sortzea da helburua.
Ikasturtearen amaieran, parte-hartzaile guztiei eskatuko zaie, interbentzio- edo kontrol-eskola izan daitezela eta galdetegi bat erantzun dezatela (2020ko maiatza-ekaina).
Ongizatea GURETZAT fasearen bigarren olatuan (2019-2020 ikasturtea), 1. mailako nerabeak eta euren familiak UPRIGHT programaren prestakuntzan parte hartzera gonbidatuak izango dira.
Kasu honetan, parte-hartzaile guztiei (kontrol nahiz interbentzio eskola direnei) eskatuko diegu ikasturtearen bi unetan galdetegiak bete ditzatela (2019ko urri-azaroan eta 2020ko maiatz-ekainean).
Copyright © 2019 UPRIGHT, All rights reserved.